|
«El problema existe. El amianto mata. Hiltzaile isila» dio ASVIAMIE elkarteko kideek jantzita daramaten kamisetak. Bi esaldi horien egiatasuna ez luke dagoeneko inork zalantzan jarri behar, nahikoa baita hildako langileen zerrenda ikustea, baina oraindik ere aldarrikapen eta borroka ugari egin beharra daukate gaitz hau jasaten dutenek, eta senitartekoek. Horietako bat, osasun arloko Erreferentziako Zentro bat martxan jartzea, eta beste bat Konpentsazio Funtsa abiaraztea.
Zenbakiak izugarriak dira. CAF enpresan soilik, dagoeneko 55 langile hil dira amiantoaren eraginez. Horietako 33 Zaragozako lantegian, 22 Beasaingoan eta bat Irungoan. Azken lau urteotan, 98 dira amiantoak Euskal Herrian hildako langileak. Eta okerrena da zerrenda hau hazten joango dela, latentzia luzeko gaixotasunak sorrarazten baititu amiantoak; hau da, mineral horren lagina gorputzean sartu eta handik 30 edo 40 urtera azaldu ohi da gaixotasuna. Kontuan izanda 1960-1980 urte tartean erabili zela gehien amiantoa lantegietan, oraindik ere heriotza asko iritsiko direla aurrikusten da.
2002an debekatu zen amiantoaren erabilera Estatu espainiarrean, Suedian baina hogei urte geroago eta Estatu frantziarrean baina sei urte geroago. CAFen duela 25 urte utzi zioten erabiltzeari.
«Beldurra izatea –dio CAF enpresako LABeko Imanol Urrestarazuk– normala da, batez ere garai hartan hemen lanean aritu ziren eta orain erretiroa hartuta daudenen aldetik, baina esan behar da amiantoarekin harremana izan zuten guztiak ez daudela kutsatuta halabeharrez. Gaixotasunen bat garatuko dutenak bostetik bat direla kalkulatzen da».
Amiantoa mineral bat da, eta fibrak askatzen dituenean bihurtzen da arriskutsua, alegia, makina batekin edo erreminta batekin lantzen denean. Oso isolagarri ona denez, erakinetan, untzietan, trenetan… erruz erabili izan da, eta lan horietan aritu diren pertsonak dira arriskupean daudenak. Mikrofibra horiek (ile bat baino mila aldiz meheagoak dira) gizakiaren biriketara iritsiz gero, bertan itsasten dira, gorputzak ez ditu botatzen, eta minbizia edo beste gaixotasunen bat sor dezakete.
Bai Imanol eta bai ASVIAMIE elkarteko kideek buruz ikasita dauzkate gaixotasun horien izenak eta ezaugarriak. LABeko ordezkariaren esanetan, amianto asko arnastuz gero asbestosia harrapa daiteke, meatzariek silikosia harrapatzen duten antzeko moduan, baina minbizia izateko (mesotelioma eta birikietakoa dira ohikoenak) mikrofibra bakar bat itsastea nahikoa izan daiteke. Esate baterako, Zaragozako CAFen aurrena gaixotu zen langilea ingeniari bat izan zen, tailerrean oso denbora gutxi ematen zuena.
ASVIAMIEko Javier Marquesen arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 25.000 langilek baino gehiagok eduki dute harreman zuzena amiantoarekin, nahiz eta Osalanek 5.754 bakarrik onartu, iazko abenduko zerrendan. Urrestarazuk CAFen ere arazo berbera dagoela dio: «Enpresak zerrenda bat egin zuen, baina guk diogu hor izenak falta direla. Eta zerrendan egotea garrantzitsua da, nahiz aktiboa, prejubilatua edo erretiratua izan mediku jarraipen berezia jasotzen duzulako, gutxienez urtean behineko errebisioekin, gaixotasunen bat garatzen ari ote zaren edo».
Enpresari egiten dioten beste eskari bat zera da, gaixotasuna lanak eragindakoa dela aitortzeko epaitegietara jotzen duten kaltetuei ez diezaietela oztoporik jarri, baina oraingoz ez dirudi jarrera hori hartzeko asmorik duenik. Izan ere, ohikoa da enpresaren abokatuek errekurtsoak jartzea, horrela asko luzatuz konpentsazioak jaso arteko epea.
Mamen Sarriegi ASVIAMIEko kide da. Bere aita duela bost urte hil zen, pleurako mesoteliomak jota, erretiratu eta gero, hamalau urterekin lanean hasita. Ordudanik gaixo hauen aldarrikapenen aldeko borrokari lotua dago Mamen, batez ere osasun zainketari dagokionez. Erreferentziako zentro bat sortu beharra garbi ikusten du: «Dagoeneko asko dira gaixotutakoak eta hildakoak, eta aurrikuspen guztiek diote hemendik aurrera gehiago izan daitezkeela. Horregatik, ikerketa zientifiko aurreratuko zentro berezi bat sortzea eskatzen dugu, diagnosian, tratamenduan eta jarraipenean hobera egiteko. Kalitateko asistentzia behar dute amiantoak gaixotutakoek, hau da, jarraitua eta pertsonalizatua».
Epaitegietako bidean laguntza izatea ere ezinbestekoa da lantokian amiantoarekin gaixotutakoentzat. Nazioarteko Osasun Erakundearen arabera, bai enpresak eta bai administrazio publikoak kalteordainak ematera behartuta daude, baina Estatu espainiarrean gaur egun enpresari soilik eskatu dakioke kalteordaina.
Elkarteak pausoz pauso laguntzen die kaltetuei, zirrikitu judizialetan ez galtzeko. Luze jotzen duen prozesua da, zazpi urtera arte, eta kasu askotan epaia irteten denerako enpresak itxita edo desagertuta egoten dira, are gehiago krisi garaiotan. Hori dela eta, Konpentsazio Fondo bat sortzea eskatzen du ASVIAMIEk, Alemanian, Belgikan edo Holandan daukatenaren modukoa. «Osalan aritu da ekimen hau bultzatzen, baina hauteskundeak direla eta, guztiz geldituta dago kontua. Irtengo den Gobernu berriarentzat hau dugu aurreneko eskaria», diote elkartetik.
|